Lagun euskaltzale hori:
Honen bidez, AEK-k eta Euskara Zerbitzuak dei egiten dizuegu ostiral honetan, hilak 4, 20:00etan hasita, Petrotx tabernan egingo den bilerara:
Gaiak:
- “Euskaraz bizi nahi dut” herri-lasterketa
- Euskaltegi berriaren inaugurazioa
Herri-lasterketa
Iazko irailean, Kontseiluak deituta eta “Euskaraz bizi nahi dut” dinamikaren baitan, herri-lasterketak antolatu ziren 50 herritan. Ekimenaren helburua zen euskaraz bizitzeko nahia agertzea eta euskaraz lasterka egitea familia eta lagun giroan. Gogoratuko zaretenez, Erronkaribarren irailaren 22an egin genuen, Gardetik Erronkarira korrika eginez, eta guztira 70 lagun inguru elkartu ginen. Bukaeran, zozketa egin eta haurrentzako berbena izan zen. Aurten, Kontseiluak dinamika bera proposatu duenez, aztertu behar dugu zer egin.
Euskaltegi berria
Ikasturte honetan, Erronkariko udalaren erabakiari esker, Euskaltegia lekuz aldatu eta Erronkariko udaletxeko areto batean egokituko da. Hala, AEK-k zein ikasleek baldintza egokietan jardun ahalko dute eta Euskaltegiak behar duen erreferentzialtasuna lortuko du. Bestalde, matrikulazioei dagokienez, gorakada handia izan da eta hiru talde osatu dira. Biak ala biak ospatu beharreko berri onak direnez, ekitalditxo bat prestatzea pentsatu dugu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario