EUSKARAZ BIZITZEKO
ESKUBIDEAREN ALDE
Urte asko igaro dira Nafarroako Parlamentuak Vascuencearen legea onartu zuenetik, nafar
askori euskaraz bizitzeko eskubidea ukatu zigunetik, alegia. Azken urteotan
euskara geure eguneroko tresna dugun hiritarron hizkuntz eskubideak behin eta
berriro urratu dira.
Lege
horrek ez ditu euskara eta euskal kultura bultzatzen, aitzitik gure kulturaren
berreskurapenaren alde ibili diren erakunde orori kalte egin die. “Nafarroa
aniztasunaren herrialdea” leloak etxekoak ahantzi eta urrundik datozenei ireki
dizkie ateak. Patuaren paradoxa. Agian erresuma zaharraren galerak ekarri zuen
gure nortasunarena.
Lege
horrek baztertzen gaituen arren ez dezagun amore eman eta gaur, inoiz baino
arrazoi handiagoz, bat eginik izan behar dugu euskararen eta euskal kulturaren
aurkako erasoen aurrean. Politikarien erabakiek gure herri eta hirietan euskara
bizirik iraunarazi duten hainbat elkarte eta talderen etorkizuna kinka larrian
jar dezakete. Diru-laguntzen murrizketa da darabilten estrategia gure inguruko
zenbait ekintza euskaltzale desager dadin.
Krisian
murgilduta gaudenez Gobernu Foralari proposamen berritzailea egin nahi diogu
heldu den errenta aitorpenerako. Bete behar den inprimakiari bertze laukitxo
bat gehi diezaiotela, honela gu bezalako hiritar nafarrek gure zergen zati bat
euskararen eta euskal kulturaren aldeko ekintzetara bideratzeko aukera izan
dezagun. Erabaki demokratikoa eta orijinala litzateke eta buruhauste
gutxiago izanen lukete.
Jakin
dezatela guk aitzinera eginen dugula. 1545ean Beñat Etxeparek munduari errana:
Euskara jalgi hasi plazara” oraindik ere entzun dezakegu. Gure arbasoek
belaunaldiz belaunaldi erakutsi diguten euskara da. Gaur bat egin dezagun
euskaldun guztiekin. Euskarak eta euskal kulturak aitzinera darraite Euskal
Herrian.
No hay comentarios:
Publicar un comentario