Hirutan jo zuen etxeko ateako tinbrea. Urteak
zeramatzan atez ate laguntza eskaintzen, baita laguntza jasotzen ere eta
ezagunak zituen anaia zein etsaiak. Ezagunak zituen etxera sartzeko aukera
ematen ziotenak, zuzenean itxi eta tutik ere ulertu nahi izan gabe buelta
ematen zutenak, aurpegi keinu arraroa jarri ondoren bere proposamenak ontzat
hartzen zituztenak eta atea irekitzera ausartzen ez zirenak ere bai.
Urduri zegoen, ondoko eraikineko emakumeak esandako gezurrak
entzun eta gero ez zen gutxiagorako. Beldurra ere somatzen zuen, bereziki goiko
pisuko koadrila indarkeriz kanporatzen eta kalegorrian barregarri uzteko
ahalegina egin ondoren. Bat-batean, 1986.urtean jasotako jipoi latza eta hitz
egiteko debekua ezarri zioteneko garaiarekin oroitu zen. Baina ez zen atzera
begiratzeko unea. Tinbrera berriro deitu eta hantxe itxaron zituen minutu,
egun, urte eta mendeak ere bai.
Ederki zekien indarrez itxaroten bazuen bere helburua
lortuko zuela; libre eta alai bizitzea. Atzeko auzoan egin bezala itxaropenik
galdu gabe urteak eta urteak iraun zituen lanean eta irribarre politak somatzen
ziren orain bertako biztanleengan. Giro polita eraman zien atea ireki ziotenei;
musikaz, maitasunaz, kolorez eta bizipozaz beteriko giroa. Merezi zuten bai.
Eta berak ere merezi zuen. “Merezi dut, zoriontsu izan eta aske hitz egiteko
eskubidea dut, beraz hemen jarraituko dut. Nirekin etorri nahi dutenei
esperientzia berriak emanen dizkiet, harremantzeko aukera gehiago eskeiniko
dizkiet eta hazi zein hezitzeko modu berezia oparituko diet. Etsaiek onar
dezatela dudan jaiotzetiko gaitasun hau suntsiezina dela. Nireak baitira hitzak
eta nirekin egon nahi dutenen zati bihurtuko ditut.”
Hirugarrenez jo zuen tinbrea eta atzerrira bidaiatu zueneko
unearekin akordatu zen. Besoak ireki zizkioten zenbait lurraldetan, besteekin
erlazionatzean gauza berri asko ikasi zituen eta asko atsegiten zuen bere
ezaugarriak ezagutzera eman zein besteengandik ikastea ere. Handi sentitzen zen
horrelakoetan.
Handi sentiarazten zuten. Baina lan handia zuen oraindik etxean
egiteko, batzuek asko estimatu arren, beste askok oztopo ugari jartzen
jarraitzen zutelako. Gorroto, nazka eta inbidia izanen baliote bezala.
Horregatik guztiagatik tinbreari eman zion eta itxaroten jarraitu zuen
baliozten eta aintzat hartzen zuen norbaitek borta ireki arte.
No hay comentarios:
Publicar un comentario