2016 XVII. ESPARTINEN MARTXA

martes, 23 de mayo de 2017

2017ko Uskara Egunaren ardatza EMAKUMEAK

Kebenko elkarteak ekimen hau martxan jarri zuenetik, ugariak eta aberatsak izan dira jorratu diren gaiak . Aurten, omenaldia Erronkariko emakumeari, gure lurraren funtsezko sustraiari eskeintzea erabaki dugu, gure kulturari eta izaerari egin dizkieten ekarpenak eskertzeko asmoz.



Gizarte eta kultura guztietan emakumearen papera ezinbestekoa da, baina gurean nabarmenagoa dela uste dugu. Garai batean, gure bailararen ekonomiari zegozkien funtsezko iharduerak , trashumante abeltzaintzari eta baso ustapenari lotuta zeudenez, Erronkariko gizonak abereekin eta almadiekin etxetik kanpo hilabete luzeak igarotzera behartuta zeuden. Hilabete haietan, emakumeen gain gelditzen ziren hainbeste eginkizun: adinekoak eta umeak zaintzea, abereak eta baratzak lantzea, ekonomia kudeatzea eta abar eta abar.

Eginkizun hauek ezezik,horren erraz ikusten ez diren beste batzuk ere, beraien gainean zeuden: Erronkariko kultura mantentzea , hau da, beren hizkuntza, tradizioak, dantzak, abestiak, otoitzak eta errezetak jakinaraztea.

Beharrezkoa izan zenean emakumeak bailaratik kanpo ere lan egitera atera ziren etxeko ekonomian laguntzeko. Erronkariko emakumeei esker, mendeetan zehar gizarte honek bere izaera mantendu duela, baiezta dezakegu. Gizarte honetan emakumearen papera hauxe izan da: ile nahasia lotzen duen txirikorda baten antzekoa, hau da, batasuna eta sendotasuna mantentzea.

Esaten duguna egiaztatzeko adibide ugari jar genitzake, baina bi pasadizo besterik ez ditugu aipatuko . Lehenengoa uskarari dagokio, eta bigarrena Erronkariko jantziari. Uskerari dagokionez, hizkuntza idatzian ezagutzen diren lehenengo dokumentuek Erronkariko emakume batzuen 2 aitorpenak jasotzen dituzte. XVI. mendean, Burgin, epaiketa ospatu zen, non sorgin izatea leporatu zieten emakume-haur batzuei. Emakume hauek botereari aurre egiteagatik, eta beren usadioei, leialak izateagatik salatu zituzten.




 Aldi berean, emakumeenak ere badira Erronkariko uskaran jasotako azken dokumentuak. Gure bailaran, emakumeek, ekonomiaren garrantzia, geografia eta poterea aurka izan arren, uskararen bizitza luzatu zuten denboran zehar.

Janzkerari dagokionez, esan behar da XVIII. mendean, tradiziozko burukotik mantelinara pasa egin zela, eta hau emakumeen iraultzari esker gertatu zela. Neketsua zen burukoa prestatzea eta beraien zereginak asko eta asko zirenez, emakume batzuk mezetara joateko mantelina janztea eskatu zuten. Batzarreko gizonek ez zieten baimenik eman, baina emakumeek jo ta ke jarraitu zuten eta haietako batzuk mezetara mantelina jantzita joan ziren. Bai ausartak !!! Kalabozora eraman zituzten baina, ez zuten amore eman eta azkenean, gizonek onartu behar!!! Ezinezkoa da gure jantzia mantelinarik gabe irudikatzea, hau delako, ikusgarritasuna ematen diona .



Hauek bi zertzelada besterik ez dira aurtengo gaia bidezkoa eta beharrezkoa dela ulertzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario