2016 XVII. ESPARTINEN MARTXA

domingo, 7 de abril de 2013

Euskaraz Bizi Eguna 2013 Agoitzen


Agoitzen, Apirilaren 13an, Euskaraz Bizi Eguna
Euskaraz Bizi Eguna en Agoitz el 13 de Abril



Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduko eragile euskaltzaletik heldu den apirilaren 13an Agoitzen (Nafarroa Garaia) egingo dugun Euskaraz Bizi Egunaren xehetasunak aurkeztu nahi dizkizuegu:

Euskaraz bizitzearen aldeko hautuari behar duen bultzada emateko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna; norbanako zein komunitate, euskaldunok sasi artetik salto egin eta garenaz harro gaudela, euskaraz bizi nahi dugula  erakusteko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna; herri euskaldunaren eta euskararen alde egotetik  harago, horren alde egiteko prest gaudela adierazteko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna.

Agerraldi honen bitartez, Euskal Herri euskaldunaren aldeko lanean bidelagun ditugun euskalgintzako kide eta eragileekin batera, euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzeko mugarri berri bat izan nahi duen egunean parte hartzeko deia luzatu nahi diegu berriz ere euskaraz bizi nahi duten guztiei.

Izan ere, Euskaraz Bizi Egunarekin, jaia eta aldarrikapena uztartuz zapalkuntzari aurre egin eta Euskal Herri euskalduna eraikitzeko bidera hurbildu nahi ditugu herritarrak, euskara eta euskaldunak menpeko bihurtzen gaituzten asimilazio estrategien aurrean euskaraz biziko den herrirantz bidea egiten joateko, inoren eta ezeren zain gelditu barik.

Bide luzea dugu egiteko. Izan ere, geuri dagokigu euskaraz bizitzeko bidea egin eta jendartean eragitea; auzolanetik, bakoitzak bere horretan eta guztiok batera, bidea egin eta aldaketak eragin baititzakegu euskara ezagutu beharrekoa eta lehentasunezkoa izan dadin Euskal Herri osoan. 7 euskaldun + erdaldun 1 = 8 erdaldun ekuazioarekin apurtu eta determinazioz eguneroko hizkuntza praktikan burujabe jokatzea, espaloitik ez jaistea, ezinbestekoa da horretarako. Hauxe da apirilaren 13ko egitasmoaren leloa “Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!” izatearen arrazoia.




Egitarau oparoa

Euskaraz Bizi Eguneko egitarau zabala da auzolanaren erakusgarri. Goizean goiz dianak egingo dira herritik zehar. 10:30ean, baina, izango da egunari hasiera emateko txupinazoa. Goiz osoan zehar buruhandiak, gaiteroak, trikitilariak, Abesbatza, Burrunba, Dantzariak, txistulariak eta txaranga ibiliko dira herritik zehar giroa alaitzen. Erraldoien Topaketa ere izango da goizean zehar. Artisauen eta euskalgintzaren azoka, erakusketa (kultur etxean) talogileak eta Herri Kirol erakustaldia (12:00etan) ere izango dira presente Agoizko kaleetan.


Haurren txokoa ezin aipatzeke utzi. 11:00etatik 14:00etara bitartean puzgarriak eta eskulan tailer ezberdinak egongo dira txikientzat, eta, 16:30etan Txan Magoaren ikuskizunaz gozatzen ahal izango dute Kultur etxean.

Eguerdian ehunka lagunentzako bazkari herrikoia eta ondoko kantaldi herrikoia izango dira protagonista nagusiak. Ondoren, 17:00etan dantzaldia hasiko da Tximeleta taldearen eskutik. Ordubetez ariko dira Tximeletakoak, 18:00etan, “Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!” lelopean eta musika eta kolore artean egingo baitu bidea euskaltzale andana bilduko dituen kalejira aldarrikatzaileak. Bukaeran, ekitaldia izango da eta ondoren Tximeletakoek dantzaldiarekin jarraituko dute 21:00ak bitartean.

21:30ean hasiko dira kontzertuak. Kezkak eta Leihotikan taldeek jarriko dituzte dantzan euskaltzaleak, eta, hauen ostean, DJ Jotatxoren saioarekin jarraituko dute dantzan goizalderaino.

EZ GARA ESPALOITIK JAITSIKO !!!


No hay comentarios:

Publicar un comentario